Berriak

Bind 4.0
Ezagutu Bind 4.0, Industria 4.0ren arloko start-upetarako azeleragailua
urria 25, 2018
Fabrikazio gehigarriak enpresentzat dakartzan posibilitate eta aukerak
azaroa 19, 2018

Zibersegurtasuneko aditu nagusiak Araba 4.0 Jardunaldian bildu ziren, 4.0 Industriak berekin dakartzan inplikazio eta arriskuez hitz egiteko

Joan den urriaren 26an, ostirala, 4.0 Arabako Jardunaldi bat egin zen Arabako Parke Teknologikoan, eta zibersegurtasuna izan zen aztertu zen ia gai bakarra. Bertaratu zirenek aukera izan zuten 4.0 Industriak berekin dakartzan aukera eta arriskuak lehen eskutik ezagutzeko, baita enpresa handien premien berri edo lurraldean zibersegurtasun-alorrean eskuragarri dagoen zerbitzu-eskaintza zabalaren berri izateko ere.

Jardunaldiaren hasiera-hasieratik garbi geratu zen gaur egun gure enpresa konektatua egotea ez dela aukera bat, premia bat baizik. Halaxe azpimarratu zuten beren agerraldietan Arabako diputatu nagusi Ramiro González jaunak eta Araba 4.0 Taldeko ordezkari Gabriel Uriartek.

“Zibersegurtasuna lantzea da edozein enpresa konektatutako mundurako prestatzeko egin beharreko lehen urratsetako bat” ziurtatu zuen Uriartek. Arabako diputatu nagusiak, berriz, lurraldea bizitzen ari den une gozoa azpimarratu nahi izan zuen: “Azken hiru urteetan, langabezia erdira murriztu dugu, eta hainbat enpresa gurean kokatzeko aukera aztertzen ari dira”.

Jardunaldia ireki ondoren, Carmen Torranok (Eleven Paths, Telefónica) eta Román Ramírezek (RootedCON) atriletik adierazi ziguten IT eta OT sareari konektatzeak, zehazki, zer segurtasun-inplikazio dauzkan. “Zenbait gailu aldez aurretik sekulan konektatu gabe zeuden, eta beraz litekeena da zibersegurtasuna aintzat hartu gabe diseinatu izana” Torranok ziurtatu zuenez. Ildo beretik, Ramirezek aitortu zuen bere enpresaren segurtasunak ez diola kezka handirik eragiten, baina bai ordea, bere hornitzaileen segurtasunak. “Askorentzat errazagoa da azken ETEari erasotzea multinazional handi bati erasotzea baino”.

Mahai-inguruan parte hartu zutenek kezka hori ere aipatu zuten, eta Juan Mocoroa (Mercedes Benz), Ricardo Vázquez (Michelin), Javier Herrero (Aernnova Aerospace) eta Ibon Galarza (Tubacex) eztabaidan aritu ziren beren enpresa handiek zibersegurtasunari heltzeko darabiltzaten moduen inguruan. Beren barne-sistemekin hasi eta beren hornitzaileei egiten dizkieten eskakizunetaraino. Guztiek ere nabarmendu zutenez, segurtasun-istripu baten ondorioz produkzioa gelditu behar izateak egundoko kostua ekar dezake berekin.

Jardunaldiaren bigarren zatian, bertaratuek aukera izan zuten zibersegurtasunarekin lotutako zenbait toki-enpresaren zerbitzu eta azpiegiturak bertatik bertara ezagutzeko. Start-upekin hasi eta ibilbide luzea egin duten ETEetaraino, erdibidean, jakina, hainbat azpiegitura estrategiko ere aztertu zituztelarik, Basque Cybersecurity Centre adibidez.

Amaitzeko, jardunaldia Tecnaliaren Ciber Range-era mugitu zen, eta bertan, OSANE Consulting-ek eta Tecnaliak zibereraso-ariketa bat eta kalteberatasunei buruzko analisi bat egin zuten. Zibersegurtasun-plan bat daukaten enpresek aurki ditzaketen arriskuei buruzko simulazioa izan zen.