Berriak

Errealitate Gehituaren eta Errealitate Birtualaren posibilitateak eta aukerak
ekaina 28, 2019
Bind 4.0
Ireki da 4.0 start-upetarako Bind 4.0 azeleratzailera inskribatzeko epea
uztaila 17, 2019

Arrakasta-kasuak: EGA Master eta erreminten fabrikazio gehigarria

Erabilera industrialerako goi-kalitateko eskuzko erremintak fabrikatzen urteak eman ondoren, EGA Masterrek fabrikazio gehigarria gehitu du bere fabrikazio-prozesuan Optimus 3Dren laguntzarekin.

Nola sar daiteke eskuzko erreminten fabrikazioan aritzen den EGA Master bezalako enpresa bat nazioartean errekonozimendu handiena duten Espainiako 100 marken artean? Oso sinplea, proiektua lau zutabe sendoren gainean finkatuz: giza taldea, internazionalizazioaren aldeko apustua, integrazio horizontalaren aldekoa eta, batez ere, ikaskuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren aldekoa.

Ezerk bereizten badu EGA Master, bezeroek planteatzen dizkioten erronkak bideratzeko garaian berrikuntzaren eta 4.0 teknologien alde egiten duen apustua da hori.

Azken urteetan adibidez, 4.0 teknologiekin egindako proiektuak garatu ditu, hala nola Smart Station deitutakoa, lan-estazio bat zeinean langileak une horretan soilik beharrezkoak dituen lanabes eta erremintak balia ditzakeen; Egaloc, enpresaren barruko aktibo erabakigarriak kokatzeko gai den geolokalizazio-sistema bat; edo enpresaren azken proiektua: munduko lehenengo titaniozko giltza doigarria modu gehigarrian fabrikatzea.

Etorkizuneko eskuzko erremintak fabrikatuz

Gero eta pertsonalizazio handiagoa, serie murritzak edo aldaketa sarriak eskatzen diren merkatu batean, fabrikazio gehigarriaren alde onak gero eta argiago daude. Batez ere zehaztasun handiagoarekin, propietate mekaniko hobeekin, kostu txikiagoarekin eta denbora gutxiagoan fabrikatzeko gai diren makina berriak iristen ari zaizkigun neurrian.

Neurrirako erreminten gero eta eskaera handiago horri erantzuteko, EGA Masterrek erabaki du Optimus 3Drekin bat egitea munduko lehenengo titaniozko giltza doigarria modu gehigarrian fabrikatzeko.

Emaitzak ezin dira interesgarriagoak izan:

  • Modu tradizionalari jarraikiz fabrikatutakoa baino % 39 arinagoa da giltza, propietate berak atxikita.
  • Lead time deitutakoa 72h da.
  • Edozein aldaketa mota egin daiteke diseinuan kostu oso murritzarekin denboran eta dirutan.
  • Propietate mekanikoak onargarriak dira oso, eta eskatutakoa baino hiru aldiz handiagoa den erresistentzia izatera ere iritsi daiteke.
  • Oraingoz, zehaztasun handiko zenbait zatik ondorengo mekanizazioa eskatzen dute.
  • Altzairuan modu gehigarrian fabrikatzea oraindik lehiakorra ez den arren, titaniozko pieza konplexuak modu gehigarrian fabrikatzea beste sistema batzuetan bezain lehiakorra izan daiteke.

Oraingoz, kontzeptu-proba bat baino ez da, baina prototipo horri esker bi enpresek egiaztatu egin dute, lehen eskutik, fabrikazio gehigarriak gaurko egunez duen potentzial osoa eta etorkizunera begira izan dezakeena.

Izan ere, modu gehigarrian fabrikatzeko garaian, makinak aldatzeaz gain diseinatzeko modua ere aldatu egin behar baita. Horri esker, pieza arinagoak eta erresistenteagoak lortzeaz gain, piezen kopurua ere murriztu egin daiteke.

Kostuak nabarmen gutxitzea, zehaztasuna gehitzea eta laster batean seriean fabrikatzea ahalbidetuko duten aurrerapen teknologikoekin, teknologia berri honekin ohitzeko lasterketa hasi besterik ez da egin.