Berriak

Konfinamenduaren ostean telelan modalitateren bat mantentzearen alde azaldu dira enpresen % 84,4
8 maiatza, 2020
Enrique Rodal: “Enpresek Industria 4.0ri esker izan dezaketen malgutasuna eta egokitzapen-gaitasuna erakutsi du krisi honek”
29 maiatza, 2020

Batto, pertsona kopurua kontrolatzeko ostalaritzarako sistema, Vitoria-Gasteizen garatu dena

Deusto Sistemas-ek sortutako aplikazio horrek lokal batean dauden pertsonen kopurua kontrolatzeko aukera ematen du QR kodeak erabiliz.

Konfinamenduko eta deskofinamenduko aste hauek igaro ondoren, argi geratu zaiguna da COVID-19ak aldatu egingo duela (aldi batean behintzat) gure ohiko zereginak egiteko modua: gure lagunekin eta ahaideekin harremanak izateko modutik hasita erosketa egiteko moduarekin bukatzeraino.

Ildo horretan, 4.0 teknologiak erakusten ari dira edozein motatako enpresen aliatu handiak direla, enpresa horien sektorea edo tamaina edozein izanda ere. Teknologia horiei esker, adibidez, negozio askok beren jarduerarekin jarraitu ahal izan dute beren etxeetatik telelana eginez. Era berean, negozio horiek beren ateak segurtasunez ireki ahal izango dituzte berriro, aplikazio batzuen laguntza izango dutelako. Aplikazio horietako bat, adibidez, Batto da, Deusto Sistemas enpresa arabarrak pertsona kopurua kontrolatzeko garatu duena, alegia.

Pertsona kopuruaren kontrola digitalizatzearen abantailak

Sistema hori ostalaritza-sektoreari eta jendetza handia biltzen den beste espazio publiko batzuei laguntzeko diseinatu da, eta sistema horri esker, une jakin batean lokalean dauden pertsonen kopurua kontrola daiteke. Hori guztia app multizentro bakar batekin egiten denez, enpresa bakoitzak app bat eduki dezake lokal bakoitzak berea eduki ordez.

Erabiltzaileari begira, funtzionamendua oso erraza da: bezeroak establezimenduaren sarreran/irteeran egiten du check-in/check-out-a bere telefonoarekin QR kode soil bat eskaneatuz. Horrela, pertsona kopuruaren kontrola erabat digitalizatuta geratzen da.

Horri esker, negozioak ikus dezake establezimenduetan dauden pertsonen kopuruaren okupazio-ehunekoa zein den eta horren berri eman diezaieke bezero potentzialei. Horren haritik, establezimenduetako pertsona kopuruaren mapak sor daitezke, bezeroek jakin dezaten establezimendu bakoitzean jende gutxiago noiz dagoen ; horrek erraztu egingo du kontsumo kolektiboa eta, gainera, segurtasuna emango da.

Funtzionalitate berri hori Batto aplikazioan lehendik daudenei gehitu zaie, esate baterako, push jakinarazpenak eta gamifikazioa funtzionalitateei; horregatik, app-a pandemiak ezarritako kontrol-neurrietatik haratago erabil daiteke. Gainera, Deusto Sistemas enpresak jakinarazi duenez, enpresa hori funtzionalitate berriak garatzeko lan egiten ari da, esate baterako, hitzorduak erreserbatzea.

Hemen aurki dezakezu Battori eta haren funtzionalitateei buruzko informazio gehiago: Battoren webgunean.