Berriak

Batto, pertsona kopurua kontrolatzeko ostalaritzarako sistema, Vitoria-Gasteizen garatu dena
14 maiatza, 2020
BIC Arabak 40.000 eurorekin eta CERNeko teknologiekin sustatuko du enpresen sorrera eta dibertsifikazioa
9 ekaina, 2020

Enrique Rodal: “Enpresek Industria 4.0ri esker izan dezaketen malgutasuna eta egokitzapen-gaitasuna erakutsi du krisi honek”

Enrique Rodalen ustez, krisi honetatik atera beharreko ikasbideetako bat zera da, “edozein motatako mehatxuak zehaztu beharra, nekez gertatuko direla dirudien arren, eta mehatxu horiek neutralizatzeko beharrezkoak diren baliabideak aurkitzea”.

COVID-19aren pandemiak enpresetan eta haien produkzio-prozesuetan eragin dituen ondorioak aztertzeko oraindik goiz bada ere, nahiko argi geratu da Industria 4.0 protagonista izango dela jokaleku horretan.

Azken asteotan adibide ugari ikusi ditugu non zenbait erakundek Eraldaketa Digitala deitutakoaren potentziala aprobetxatu duten normaltasun berrira egokitzeko edo koronabirusak eragin duen arnasgailuen, maskarillen eta beste tresnen eskaera izugarri handiari erantzuteko.

Egoera hori jarraitzen hurbilen izan den pertsonetako bat Enrique Rodal dugu, ‘Industria 4.0: conceptos, tecnologías habilitadoras y retos‘ (“Industria 4.0: kontzeptuak, teknologia gaitzaileak eta erronkak”) liburuaren egilea den kazetaria, Podcast Industria 4.0 topagunearen arduraduna.

Araba 4.0n harekin hitz egin nahi izan dugu, industria-teknologia berriek krisian duten zereginari buruz dituen iritziak zein diren jakiteko.

Konfinamenduan, alderik ikusi duzu egoerari aurre egiteko garaian digitalizatutako enpresen eta prozesu tradizionalekin jarraitzen zuten enpresen artean?

Koronabirusak eragin duen krisi honetan ikusi denez, enpresa jakin batzuk gai izan dira beren produkzio-prozesuak berregokitzeko premia sanitario eta sozialekin lotutako produktu berriak fabrikatzeko. Arnasgailuak fabrikatzeko korporazio handiekin hasi (SEAT) eta maskarillak, probetarako hisopoak, maskarak, gel hidroalkoholikoak eta abar fabrikatzen hasi diren tamaina desberdineko beste hainbat enpresarekin jarraituz.

Modernizazio teknologikoko oinarri on bat eta Industria 4.0rekin lotutako teknologia jakin batzuen erabileran lortutako esperientzia zuten ezaugarri erkidetzat erakunde horietako gehienek. Babes-maskarak edo hisopoak sortzeko fabrikazio gehigarria da kasu adierazgarrienetako bat.

20 urte baino gehiago daramatzagu eraldaketa digitalari buruz hitz egiten. Haatik, pandemia iritsi artean enpresa ugarik ez dute serioski planteatu beren prozesuen digitalizazioa. Zer onura aurki ditzakete krisi-garai hauetan Industria 4.0ren aldeko apustua egitea erabakitzen duten enpresek?

Egia da zenbait erakundek epe luzera aurreikusita zutela digitalizazio- eta automatizazio-prozesuei ekitea eta, jarduera gelditu izanaren eta berriz suspertzearen testuinguru horretan, koiuntura aprobetxatzea erabaki dutela epeak laburtu eta digitalizazioan aurrera egiteko.

Prozesu horiek burutzeko laguntza ekonomikoak egotea izan liteke ziurrenik arrazoietako bat. Aurki dezaketen onura nagusia soluzio teknologikoak dituzten hornitzaileen ekosistema oso prestatu eta heldua da, ziur asko beren premiei erantzuteko gai izango dena, gaur egun bizi duten une zailaz jabetuta betiere.

Zer izan beharko lukete kontuan IoT, Big Data, automatizazioa edo fabrikazio gehigarria bezalako teknologiak beren prozesuetan integratzearen aldeko apustua egin nahi duten enpresek?

Beti uste izan dut teknologiek ez dituztela markatzen digitaliazio-prozesuak, eta, aitzitik, enpresen plan estrategikoei ematen zaien erantzuna direla. Edozein konpainiak lehenik oso argi izan behar du etorkizunean noraino iritsi nahi duen eta, premisa hori abiapuntutzat hartuta, hori lortzeko zein teknologia lagungarri gerta dakizkiokeen aztertu, baina ez alderantziz.

Hori argi izanda, funtsezkoa da teknologia jakin batzuk erabiltzearen edo ez erabiltzearen komenigarritasunari buruz aholku egokiak emango dizkizuten profesionalak izatea. Horretarako funtsezko zeregina dute konfiantza-hornitzaileek, zentro teknologikoek, hezkuntza-zentroek, enpresa-arloko eta sektoreko erakundeek, administrazioek eta ingurune horretan lan egiten duten profesional guztiek.

COVID-19aren krisiak eragin duen aldaketa esanguratsuenetako bat ordura arte aukera hori bildu ere egiten ez zuten enpresetan telelana ezarri izana da. Geratzeko iritsi da edo iritsi den bezain bizkor joango da?

Nik gehiago egiten dut telelana lan presentzialarekin uztartuko duen aukera hibrido baten aldeko apustua.

 Komunikazioarekin lotutako zenbait esparrutan ahozkoa ez den komunikazioaren elementu ugari daude online transmititzea oso zailak direnak, eta mezua galtzea edo aldatzea eragiten dutenak. Hori oso garrantzitsua da gure nagusiekin, gure lankideekin, gure bezeroekin eta gure hornitzaileekin erlazionatzeko garaian. Zenbait gauza etxean egin ahalko dira, betiere baldintza horietan lan egiteko ingurune egoki bat baldin badugu, eta beste zenbaitetan aurrez aurrekoarekin jarraitu beharko dugu.

Dena den, egia da –eta horixe esan didate azken asteetan zenbait gerentek– gure bezeroekin bideokonferentziaren bidez komunikazioa izateak kostuen eta denboraren aurrezpen oso handia eragin dezakeela. Nazioarteko bezeroez ari bagara, oso garrantzitsua da gure langileetako batek atzerrira joan behar izateko posibilitatea saihestea, bidaia horrek dakartzan gastuekin eta denborarekin. Hori nahiko ohikoa izan da Europako iparraldeko herrialdeetan edo Estatu Batuetan, eta ez hain ohikoa Mediterraneoko herrialdeetan, non aurrez aurreko harreman pertsonalak balio gehitua daukan.

Dena aldatu egingo da. Bideokonferentzia, webinar, online masterclass, eta abar, askoz ere gehiago egingo ditugu, baina betiere ahaztu gabe enpresa-topaketek, networkingak eta betiko interakzioak izango duten garrantzia.

Zer ikasbide atera beharko genuke krisi honetatik?

Niretzat, atera beharreko ikasbide nagusia zera litzateke, eskualde baten, herrialde baten eta, ikusi denez, baita mundu osoaren ekonomia kolokan jarri dezaketen mehatxu eta egoera jakin batzuk badaudela.

Material eta ondasun jakin batzuekin hornitzeko atzerriko merkatuen mende egoteak une zailak, zuzkidurarik eza, iruzurrak eta bere onetatik ateratako prezioak eragin ditu.

 Ildo horretan, uste dut garrantzitsua litzatekeela mehatxu horiek zein izan daitezkeen zehaztea, testuinguru desberdinek zer motatako premiak eska ditzaketen kalkulatzea eta premia horiei erantzuna emateko gai diren enpresen katalogoa egitea, dela enpresa horien ohiko jardueraren bidez edo dela beren prozesuak edo antolamendua gaituagoak daudelako beren produkzioa berregokitzeko, hasieran komentatzen nuen SEATen eta arnasgailuen kasuan bezala.

Maskarillak fabrikatuko dituzten zenbait enpresa aktibatu dira Euskadin, behin maskarilla horiek gure egunerokoan nahiko presente egongo direla ikusitakoan. Aktibo posibleak lokalizatuta eduki behar ditugu, hala nola enpresak, startup-ak, ikerketa-zentroak, ikastetxeak edo maila partikularreko profesionalak, eta puntu honetan maker kolektiboen papera aipa dezaket; gizartearen eta industriaren eskaera jakin batzuei erantzun bizkorra emateko gai izan daitezela funtsezkoa da.


Eskerrik asko Enrique Rodali Araba 4.0ren galderei erantzuteagatik!