Berriak

Ikusi Arabako 4.0 Industriaren Lanbide Heziketako eskaintza
ekaina 20, 2019
Arrakasta-kasuak: EGA Master eta erreminten fabrikazio gehigarria
uztaila 9, 2019

Errealitate Gehituaren eta Errealitate Birtualaren posibilitateak eta aukerak

Titular gehien eta espektazio handiena eragiten duten 4.0 teknologien arteko bat osatzen dute Errealitate Gehituak, Errealitate Birtualak eta Errealitate Mistoak, baina oraingoz gutxi dira, aldiz, teknologia horri aplikazio errealak aurkitu dizkioten enpresak. Horregatik, eskaintzen dituzten posibilitate eta aukerak zein diren jakingo dugu artikulu honetan.

Munduarekin, makinekin eta beste pertsonekin jarduteko dugun modua aldatzera datoz Errealitate Gehitua, Errealitate Birtuala eta Errealitate Mistoa. 4.0 teknologia horiei esker errealitateaz haratago ikus dezakegu edo mundu birtualetan murgildu. Baina, zer dira zehazki eta zer alde dago beren artean?

Alde batetik Errealitate Birtuala dugu, gure ingurunetik ihes egitea eta ordenagailu bidez sortutako mundu digital batean murgiltzea ahalbidetzen digun teknologia. Beste alde batetik, aldiz, Errealitate Gehitua –zeinak objektu birtualak mundu errealean kokatzea ahalbidetzen digun– eta Errealitate Mistoa –zeinak Errealitate Gehitua pauso bat haratago eraman, eta objektu birtual eta errealak fusionatzea eta elkarri eragitea ahalbidetzen duen– ditugu. Erabateko berrikuntza teknologiko bat, zeinak betaurreko eta kasko desberdinekin, aisiaren eta lanaren mundua irauliko duela iragartzen duen.

Teknologia hauei, beren aplikazioei, eta enpresei eskaintzen dizkieten posibilitate eta aukerei buruz gehiago jakiteko Diego Sagasti (Tecnalia) eta David Quintana (Bihartech) adituekin hitz egin dugu.

Errealitate berriak (gehituak, birtualak eta mistoak) enpresan

Laugarren industria-iraultzako teknologia guztiekin gertatzen den bezala, Errealitate Gehituak eta Errealitate Birtualak enpresari egiten dioten ekarpen handia denboraren eta kostuen aurrezpen nabarmena da, eta informaziorako sarbidea errazten dutela, horrekin batera. “Denbora eta dirua aurreztea ahalbidetzen diguten teknologiak dira. Adibidez, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestu daitezke edo langile berri baten prestakuntza-prozesuak hobetu ”, David Quintanak dioenez. Bestalde, Diego Sagastiren iritziz “informaziora modu errazago eta intuitiboagoan sartzea ahalbidetzen digute Errealitate Gehituak eta Errealitate Mistoak. Adibidez, informazioa jarri dezakegu pantailetan eta makinaren gaineko kontrol birtualetan, makina nolakoa den jakitea bultzatu eta erabakiak informazio guztiarekin hartzea ahalbidetuz”.

Izan ere, teknologia mota hauek ezaugarriren bat badute, beren zeharkakotasuna eta egokikortasuna da hori, gaur egun izaten ari diren aplikazioen barietate handia ikustea besterik ez dago:

  • Langileen prestakuntza ingurune seguruetan erabiliko dituzten makinen erreplika errealekin.
  • Marketina: argazkiek, bideoek edo katalogoek berdindu ezin duten xehetasun- eta interakzio-mailarekin ezagutu dezakete produktua bezeroek.
  • Mantentze-lanak: makinaren egoerari buruzko informazio guztia izan dezakete teknikariek erosotasunez mantentze-lanak egiten dituzten bitartean, prozesuari buruzko bideoak ikusi ahal izanez edo kanpoko laguntza eskatu ahal izanez, beharrezkoa izanez gero.
  • Biki Digitalak edo Digital Twins: kostuak eta epeak optimizatzeko informazio baliotsua ekartzen duten makina edo prozesuen erreplika birtualak.

Teknologia guztiekin ohikoa denez, aplikazio eta posibilitateen zerrenda esponentzialki gehitzen da heltzen doazen neurrian, nahiz eta gaur egun ere aplikazio erabilgarri eta arrakastatsuen adibideak aurki ditzakegun.

Diego Sagastik adierazten digunez, Tecnalian aplikazio bat garatu dute, eta Errealitate Gehituari esker kale batean dauden kanalizazioak bistaratzea ahalbidetzen du. Orain arte ezinezkoa zen galtzada altxa gabe. “Nondik datozen edo nora doazen identifikatzea ez da izango langileek jakin ahalko duten gauza bakarra. Zer daramaten ere jakin dezakete, baita denbora errealeko datuak ere, adibidez kanalizazioa irekita ote dagoen, itxita ote dagoen edo haren tentsioa”.

Bihartech enpresan dugu beste adibide handi bat, CAF taldeko planta baterako Errealitate Birtual bidez prestakuntza-programa bat garatu baitu. “Prestakuntza teorikoa jasotakoan, zenbait ariketa egingo dituzte langileek ingurune birtual eta seguru batean prozedura guztiak menderatzen dituztela egiaztatzeko”, David Quintanaren hitzetan.

4.0 industriaren aldeko apustua egiten duten enpresei Errealitate Gehituak, Errealitate Birtualak eta Errealitate Mistoak egin diezaieketen ekarpen guztiaren bi adibide handi.