[…]"> Gauzen Internetaren (IoT) enpresa-arloko posibilitate eta aukerak – Araba 4.0

Berriak

Egibide eta Deustuko Unibertsitatearen Industria Digitaleko Graduak ABB Sari bat jaso du.
abendua 11, 2018
2018ko onena
abendua 31, 2018

Gauzen Internetaren (IoT) enpresa-arloko posibilitate eta aukerak

Pertsonen eta ordenagailuen gauza zen duela urte gutxi batzuk arte sarea. Agian ez du oihartzun handirik eragingo, baina planetaren alde batetik bestera denbora errealean informazioa transmititzeko gaitasun hori iraultza handienetako bat izan da gizateriaren historian. Inoiz imajinatu duzu noraino iritsiko ginatekeen, hori guztia kontrolatzeaz gain, informazioa denbora errealean sartu eta inguruan ditugun mota guztietako objektu eta makinak kontrolatu ahalko bagenitu?

Bada hori da Gauzen Internetaren helburua, edo, ingelesez duen izenari jarraikiz, Internet of Things (IoT). Mota guztietako objektuak sarearekin digitalki konektatzea ordenagailu batek urrutitik kontrolatu ahal ditzan pertsona batek zertan esku hartu gabe. Guztia WiFi, Bluetooth, RFID eta NFC konexioei esker, edo haririk gabeko zenbait sareri esker, hala nola LTE.

IoTaren funtsa 1999an gauzatu zen, Kevin Ashton-ek ideia hori MITen Auto-ID gunean proposatu zuenean, eta edozein motatako objekturi aplikatu ahal zaio, gauza erabat egunerokoarekin –hala nola etxetresna elektriko batekin– hasi eta gailu mediko batekin buka. Dena den, gehien-gehienak hiru adar handitan biltzen dira: kontsumitzaileak, azpiegitura eta enpresak.

Eguneroko munduan IoTak gure etxeko tenperatura telefonotik kontrolatzea edo xurgagailu robotikoa garbitzera noiz ateratzen den programatzea ahalbidetzen digu, baina zer aplikazio eta aukera eragin ditzake industria-arloan?

Gauzen Interneta enpresan

Business Insider webgunearen azterlan baten arabera, 2019an guztira 23.300 milioi IoT gailu izango dira, eta gailu horietatik 9.100 milioik guztira (% 40) enpresa-erabilera izango dute. Smartphoneak edo tabletak edo antzeko gailu mugikorrak bezainbeste edo gehiago.

“Industria-enpresak beti ari dira beren produkzio-sistema optimizatzeko moduak bilatzen (denbora-doikuntzak, optimizazioa muntaian, zeregin konplexuen robotizazioa…) eta IoTak bide horretan beste urrats bat egitea ahalbidetzen digu” Deusto Sistemas enpresako Iñigo Colladok dioenez. “Datua balioan jartzen du teknologia honek. Muntaia-eragiketa bakoitza, PLC baten zerbitzu-parametro bakoitza, makina baten akats bakoitza… IoTaren bidez jasotzen den datu bat da, interpreta eta kudea daitekeena”, jarraitzen du esaten.

Colladorentzat, posibilitateen mundu oso bat zabaltzen du konektibitateko eta informazioko paradigma berri honek:

  • M2M komunikazioak produkzio-prozesu konplexu eta aldakorrak automatizatzeko.
  • SmartContract-en sorrera automatikoa stockak kudeatzeko.
  • Datu-sorrera Machine Learningeko edo mantentze-lan prediktiboak definitzeko eta ezartzeko.
  • Fabrika baten sistema guztien egoera online kontrolatzea.
  • Manufaktura-prozesu baten trazabilitatea Blockchain teknologiaren bidez.

IoTak etorkizunean izango dituen aukerak, batez ere 5G sare berriak eta IPv6en gailuak hedatzen direnean, infinituak dira eta aplikazio guztiz disruptiboak izango ditu, hala nola beste ibilgailu eta objektu batzuekin komunikatzeko gai den auto autonomo bat agertzea (M2M), arriskuak aurreikustea edo saihestea analitika prediktiboekin, edo garraio-eskaera aurreikustea jabetza partikular bat izatetik zerbitzu bat izatera igarotzea eskaintzeko (Car as a Service).

Dena den, ez dugu zertan eserita geratu IoTaren aplikazio errealak ikusteko. “Deusto Sistemas enpresan IoT teknokogiarekin egiten dugun ezarpenetako bat gure SCSI sistemetan dago”, esan digu Colladok, automobil-sektoreko enpresa batean jarri zuten soluzioa azaltzen digun bitartean. “Teknologia honi esker langileak tablet batean ikus dezake aurrean duen ibilgailuaren informazio guztia, eta horrek nahiko errazten du eskaerapeko ibilgailuen fabrikazioa”, adierazi digu amaitzeko.

Prozesuak optimizatzeko duen gaitasunarengatik dela, edo etorkizunean izango dituen posibilitateengatik dela, argi dago industria aldatuko duen teknologia dugula Gauzen Interneta.