Berriak

Arrakasta-kasuak: Solagüen eta 4.0 nekazaritza
apirila 26, 2019

Informazio geografikoak aro berria ekar diezaioke zure negozioari

Azken aste honetan Gasteizko Artium Museoan ArabaTIC – Arabako aste digitalaren hirugarren edizioa egin da. Urtero teknologia berriak lurraldeko enpresa eta erabiltzaileengana hurbiltzen dituen ekitaldia da, eta aurten 4.0 Industrian oinarritutako hitzaldi eta tailer ugari antolatu ditu.

Hitzordurik interesgarrienetako bat ostegunean izan zen; bertan, Ion Martínez de Ilarduyak (Informazio Kartografikoko teknikaria Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzan) eta Lorenzo Díaz de Apodacak (Airestudio Geoinformation Technologies-eko CEO) informazio geografikoak negozio bati eman diezazkiokeen balio diferentziala eta lehiakortasun-abantaila azaldu zituzten. 

Jakina denez, gaur inoiz baino gehiago, informazioa boterea da. Horregatik, 4.0 industriaren aurrerapen askoren helburua da produkzio-prozesuen eta makinen datu gehiago lortzea, eta datu horiek interpretatzea produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko. Gaur egun enpresa askok zehatz-mehatz ezagutzen dute euren lantegien barnean gertatzen dena, baina… zer gertatzen da aire zabalean lan egiten dutenekin?

Informazio geografikoaren boterea

Eta hemen sartzen da jokoan geoinformazioa. Gure inguruko mundua ikusteko modu bat da, gure begiek ikusten dutenaz edo mapek irudikatzen dutenaz haratago doana. Mota guztietako datuak (teknikoak, ingurumenekoak, sozialak, kulturalak, ekonomikoak eta abar) mundu errealeko leku jakin bati gaineratzen zaizkio. Horrela, datuak errazago interpretatzeaz gain, aukera ematen digute errealitatearen argazki osatuagoa ikusteko eta beste edozein modutan ezinezkoak izango liratekeen loturak aurkitzeko.

Mota horretako informazio geografikoa edukitzeak eta erabiltzeak aukera ematen du kostuak eta denbora aurrezteko, baita baliabideen erabilera efizienteagoa egiteko edota lurraldea hobeto ezagutzeko bere alderdi guztietan: ingurumena, baliabide naturalen eskuragarritasuna, nekazaritza, merkataritza, turismoa, ondarea, larrialdien kudeaketa, segurtasuna, eta abar. Edo bestela esateko, erabaki hobeak hartzea ahalbidetzen du.

Horren adibide argi bat hirietako azpiegituren eta aktiboen kudeaketan ikus dezakegu. Historikoki ia ezinezkoa izan da dauden elementu guztien eta bakoitzaren kopurua, kokaleku zehatza, tipologia eta ezaugarriak zehazki jakitea. Geoinformazioa duten aplikazioak erabiliz, kostuak aurrezteaz gain inbentario eta mantentze-lan zehatza eta eraginkorra egin daiteke.

Langileek eta teknikariek aktibo guztien bizki digitalak eduki ditzakete beren ordenagailu edo tabletan. Horrela informazio guztia eta beren egoera klik bakarrarekin kontsulta ditzakete, beharrezkoak ez diren irteerak saihestuz.

GeoEuskadi, lurraldeko erreferentziazko ataria

Gure lurraldeari buruzko GeoInformazioaz ari bagara GeoEuskadi da, inolako zalantzarik gabe, erreferentziazko ataria informazio geografikoa erraz eta modu eraginkorrean eskuratzeari dagokionez. Erabiltzaile espezializatuei nahiz edozein pertsonari zein erakunde publiko eta pribaturi dago zuzenduta ataria, eta honako helburu hauek ditu: 

  • Eransten doazen eta Internet bidez eskura daitezkeen Euskadiko DEAko datu eta zerbitzu geografikoen multzoak aurkitzeko aukera ematea.
  • Geozerbitzuen eta informazio geografikoaren berrerabilera eta zabalkundea sustatzea.
  • Ahal den neurrian, duen funtzionalitatea eskaintzea, informazio geografikoaren elkarreragingarritasuna arautu eta bermatzen duten arau, estandar eta zehaztapenak betetzen dituzten geozerbitzuak oinarri hartuta.
  • Interes orokorreko funtzionalitatea ematea (informazioa, datuen katalogoa, izendegia, datuak behera kargatzeko aukera, etab.), Euskadiko DEAko zerbitzuetan oinarrituta.
  • Euskadiko DEAri buruzko berritasun eta albisteen berri ematea, eta datu-multzo edo geozerbitzu berriak Interneten erabilgarri daudenean jakinaraztea.

Edo bestela esateko, informazioa erabiltzaile, enpresa eta erakundeen eskura jartzea lehiakorragoak izan daitezen. Izan ere, ezin baita hobetu neurtzen ez dena, eta are gutxiago ezagutzen ez dena.