Berriak

Araba 4.0 ekimenak talentua eta berrikuntza saritu ditu Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleen artean
15 azaroa, 2019
Arrakasta-kasuak: Flanker Tech Solutions, lehiakortasuna hobetuz digitalizazioaren bidez
22 azaroa, 2019

Honela izan zen Araba 4.0 jardunaldia: arrakasta-kasuak, prestakuntza, talentua eta askoz ere gehiago

2019ko azaroaren 15ean, Europa Biltzar Jauregian, Araba 4.0ren “4.0 industria zure esku” izeneko urteko jardunaldia egin zen. Goiz horretan bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen, 15 arrakasta-kasu eta esperientzia baino gehiagoren eskutik, 4.0 industriak Arabako enpresa eta prestakuntza-zentroetan zenbaterainoko eragin positiboa izan duen.

Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak Araba 4.0 taldearen zeregina balioan jarri nahi izan zuen, jardunaldiari hasiera emateko: “Talde horrek egiten duen lana funtsezkoa da Arabarentzat, eta horregatik nire zorionik zintzoenak eman nahi dizkiet, haien ahaleginengatik eta arduragatik”. Gainera, García de Salazarrek balioan jarri nahi izan zuen UPV / EHU, Egibide, CIFP Mendizabala LHII edo Deusto unibertsitate edo zentroei esker 4.0 Industriaren inguruan sortu den prestakuntza-eskaintza bikaina:harro sentiarazten gaituzten fruitu nagusietako bat da”, ziurtatu zuenez.

Inaugurazio-hitzaldiaren ostean, Laura Viñolas GESTAMPeko 4.0 Industriako zuzendari teknikoak hitza hartu zuen, eta bertaratuei azaldu zien GESTAMPek zer estrategiari jarraitu dion 4.0 teknologiak bere fabrikazio-prozesuetan txertatzeko. “4.0 industriari esker, gero eta fabrika adimendunagoak, eraginkorragoak eta malguagoak dauzkagu orain, gero eta prozesu sendoago eta fidagarriagoekin”, ziurtatu zuenez.

Konektibitatea, trazagarritasuna eta aktiboen lokalizazioa dira gure estrategiaren hiru zutabeak”, adierazi zuen. Horrez gain zehaztu nahi izan zuen “giza taldea teknologiak bezain garrantzitsua dela, edo are garrantzitsuagoa”. “Bide hori hartu dugu datuetan —eta ez sentsazioetan— oinarritutako erabakiak hartzen dituen enpresa izan nahi dugulako” adierazi zuen amaitzeko.

Arabako 4.0 Industriaren arrakasta-kasuak

Laura Viñolasen ponentziaren ostean, hainbat arrakasta-kasuren berri izateko unea iritsi zen, eta Arabako enpresek eskainitako 4.0 teknologiek Estatuko eta nazioarteko enpresetan zenbaterainoko inpaktu positiboa izan duten bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen.

Jakincode eta CIE Automotive; Metaposta eta Ibaiscanbit; LKS Krean eta Irizar; Oreka IT eta Vaxer Teknik; Análisis Y Simulación eta Cegasa; Lantek eta Holland Steel; Hipatia eta Bodegas La Rioja Alta SA.; Odei eta BTI Biotechnology Institute; eta EGA Solutions eta Deusto Sistemas eszenatokira igo ziren beren esperientziak partekatzeko. Bederatzi kasu horietan, enpresek, teknologia berriei esker, erronka baten erantzuna aurkitu dute, beren fabrikazio-prozesuen efizientzia hobetu dute, edo negozio-aukera berriei heldu diete.

Gainera, UPV / EHU, Egibide, Deusto, CIFP MENDIZABALA LHII eta Ikanos prestakuntza-zentroek, 4.0 Industriarako talentua prestatzeko lanetan duten esperientziaren berri eman ziguten.

Araba 4.0 I. Sariak

Gainera, Araba 4,0 ekimenaren“4.0 industria zure esku” Urteko Jardunaldiaren esparruan, I. Araba 4.0 Sariak banatu ziren. Arabako unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleen talentua, berrikuntza eta talde-lana saritu nahi da LKSk eta Arabako Foru Aldundiak babestutako sari horiekin.

David Zamora, “Canalización de Big Data en tiempo real para un proceso ETL en un sistema bancario”(“Big Dataren kanalizazioa denbora errealean ETL prozesu baterako banku-sistema batean”) lanarengatik, eta Asier Zubizarreta, Sabrina Villena, Ander Basabe, Ander Pinedo eta David Prieto, “Mantenimiento predictivo aplicado a la Industria 4.0” (“4.0 Industriari aplikatutako mantentze prediktiboa”) lanarengatik, lehen Araba 4.0 sarietako irabazleak izan ziren. 


Eskerrik asko enpresa eta prestakuntza-zentroei beren esperientzia eta arrakasta-kasuak eskuzabaltasunez partekatzeagatik, baita Arabako Foru Aldundiari eta Araba 4.0 taldeko kideei ere, jardunaldia posible egiteagatik.