Berriak

SPRIk Industria Zibersegurtasunerako 2020ko laguntza-programa aurkeztu du
24 apirila, 2020
Batto, pertsona kopurua kontrolatzeko ostalaritzarako sistema, Vitoria-Gasteizen garatu dena
14 maiatza, 2020

Konfinamenduaren ostean telelan modalitateren bat mantentzearen alde azaldu dira enpresen % 84,4

Osane Consulting-ek egindako azterlanak aditzera ematen du zenbaterainoko inpaktua izan duen telelanaren inplementazioak industria-enpresetan, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz.

Inpaktu ekonomiko ukaezinaz gain, COVID-19aren ondoriozko pandemiak eta konfinamenduak eragin du enpresa asko telelanean bete-betean murgiltzea. Modalitate horrek, konpainia batzuetan ohikoa bada ere, egundoko iraultza ekarri du hainbat enpresarentzat, eta aldaketak egin behar izan dituzte eta protokolo berriak ezarri, ezinbestean.

Neurri horiek erakundeetan zenbaterainoko inpaktua izan duten neurtu eta aztertzeko helburuarekin, segurtasun korporatiboan eta zibersegurtasunean espezializatutako Osane Consulting enpresa arabarrak azterlan bat egin du, konfinamendu- eta pandemia-garaian 40 ETEek izan dituzten esperientziak aintzat hartuz.

Azterlanaren daturik esanguratsuenetako bat zera da, kontsultatutako enpresa gehien-gehienek (% 84.4) lehendik ere bazutela telelanerako urruneko konexio-sistemaren bat, konfinamenduaren aurretik. % 15.6k, berriz, protokolo horiek inplementatu behar izan dituzte egoeraren ondorioz.

Erabiltzaileei dagokienez, konpainien % 64.5ek barneko enplegatuei soilik uzten diete beren sistemetan sartzen, eta inkestatutako enpresen % 29k, aldiz,kanpoko enplegatu edo hornitzaileei ere uzten diete.

Telelanaren inpaktua

Egungo egoera dela-eta inpaktua neurtzea zaila bada ere, inkestatuen artean % 12,9k soilik uste dute beren produktibitatea nabarmen kaltetuta geratu dela telelanaren ondorioz; % 26k, aldiz, ez dute inolako kalterik atzeman, eta % 16k hobera ere egin dutela uste dute.

Areago, inkestatutako enpresetako langileen % 83,3k begi onez hartu dute lan modalitate berria. Datu horri erantsi behar zaio inkestatuen artean % 15,6k soilik ziurtatu dutela beren jardueran ezinbestekoa dela presentzialki jardutea, eta, beraz, aurreikustekoa da telelana konpainia askotan manten litekeela behin COVID-19aren krisia gainditu ostean. 

Urrunetik lan egiteko tresnak

Teknologiari dagokionez, enpresen % 60k VPN konexioak hautatu ditu urrunetik konektatzeko, eta % 30ek, aldiz, ez dute hodeia erabiltzeko beharrik.

Inkestatutako enpresa gehienetan telelana ezarria zuten lehendik edo ezartzeko bidean zeuden, eta beraz, telelanean jarduteko behar diren baliabideen jabe ziren, eta inkestatuen % 10ek bakarrik adierazi digute horretarako behar diren tresnak (VPN konexioa, ordenagailu eramangarria edo telefono mugikorra) eskura ez zituztela. 

Telelan segurua

Inkestak aditzera eman du, halaber, zibersegurtasunaren alorrean zer egin asko dagoela telelanari dagokionez. Inkestatuen artean, % 27,6k bakarrik erabiltzen ditu autentifikazio-faktore bikoitzeko pasahitzak sistemetan sartzeko, eta inkestatutako enpresen % 60an ohiko metodoa (erabiltzailea eta pasahitza) erabiltzen dute langileak identifikatzeko.

Bestetik, sistema horietako askok erabiltzaileen trazagarritasunerako neurriak dauzkaten arren, inkestaren arabera kasuen % 65ean log horiek ez dira berrikusten edo ez dira behar bezala konfiguratu.