Zer da ‘Araba 4.0’?
Gure helburua da Arabako enpresaren ekoizpen-ahala areagotuko duten teknologia batzuei buruzko informazioa eta prestakuntza ematea, eta teknologia horiek ezartzen laguntzea
www.araba40.eus plataforma Arabako profesionalen eta enpresen zerbitzura dagoen kanal bat da. Kanal horren bidez, Lurraldeko zenbait eragilek garatzen dituzten 4.0. industriaren arloko baliabide eta ekimen guztien berri izan daiteke erraz. Plataforma horren helburua gai garrantzitsu horretan erreferentzia izatea da, eta Arabako enpresaren ekoizpen-ahala areagotuko duten teknologia batzuei buruzko informazioa eta prestakuntza ematea, eta teknologia horiek ezartzen laguntzea, gero eta mundu globalizatuago eta digitalizatuago batean lehiakorrak izaten jarraitzeko.
ARABA 4.0. Lan Taldeak, Agora gizarte-partaidetzako eta gizarte-berrikuntzako prozesuaren ondorioz sortu zen taldeak, diseinatutako eta abian jarritako ekimenetako bat da 4.0. Industria. Agora 2016ko urtarrilean sortu zen Arabako Foru Aldundiak proposatuta, pertsonek eta antolakuntzek hausnarketaren eta elkarrizketaren bidez Lurraldean zer erronka dauden identifika dezaten, eta Araba suspertzen laguntzeko proiektuak eta ekintzak elkarlanean abian jar ditzaten. Agorako ekimenak bat datoz interes komun batekin: Arabako ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-aurrerabideari laguntzea.
Prozesuaren hasieratik azaleratu zen erronketako bat da 4.0. Industria. Arabako enpresaren lehiakortasunerako funtsezko elementutzat jotzen da, bai eta Lurraldean enpresa-garapenerako beste aukera batzuk garatzeko ere. Parte-hartzaileek lan-talde egonkor bat eratu zuten, enpresaren eraldaketa digitalarekin lotuta dauden Lurraldeko eragileentzat topagune izateko. Topagune horren helburua sinergiak eta lankidetzak bilatzea da, jada dauden ekimenak koordinatuz eta sustatuz, eta beste berri batzuk abian jarriz.
Taldean prestakuntza- eta ikerketa-zentroak, enpresak eta erakundeak parte hartzen dute. Denak bat zetozen: Lurraldeak gu guztiongan eragina izango duen errealitate bati erantzuteko, Fabrikazio Aurreratuari – 4.0. Industriari erantzuteko, denok batera lan egitea premiazkoa izango da, lagungarria izango baita lehiakortasun handiagoa eta kalitateko enplegua sortzeko. Horregatik sortu zen taldea.
Zer da ‘4.0. industria’?
4.0. Industria oso kontzeptu zabala da, eta bere baitan biltzen ditu zenbait teknologia, hala nola big data, gehitze bidezko fabrikazioa, lankidetza-robotika, adimen artifiziala, errealitate handiagotua, gauzen Internet, cloud computing, simulazioa eta zibersegurtasuna.
Teknologia horiek ekoizpen-prozesuetan ezartzeari esker, aukera ugari sortzen dira
Teknologia horiek ekoizpen-prozesuetan ezartzeari esker, aukera ugari sortuko zaizkie Arabako enpresei, bai lehiakortasuna hobetzeko, bai jarduera eta merkatu berriak garatzeko.
Fabrikazio Aurreratua – 4.0. Industria delakoa Euskadiren apustu estrategikoetako bat da. Euskal Autonomia Erkidegoak, beste Europako eskualde batzuk bezala eta Europar Batasunak eskatuta, RIS3 hausnarketa estrategikoaren prozesua egin zuen (Research and Innovation Strategy for Smart Specialisation). Prozesu horren ondorioz, hiru espezializazio-lehentasun adimendu zehaztu zituen: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak.
Zergatik da garrantzitsua ‘4.0. Industria’ Arabarentzat?
Arabako BPG-aren %58,3 esportatu egiten dela; Euskadiko %30,5en eta Estatuko %22,9ren oso gainetik.
Arabako ekonomia oso industrializatua eta irekia da, munduan lehiatzeko gaitasuna du. 2016ko datuek berresten dute: Lurraldeko BPG-aren %33,1 oso industriala da, Euskadiko %24,1en edo EBko %19,3ren oso gainetik. Era berean, azpimarragarria da Arabako BPG-aren %58,3 esportatu egiten dela; Euskadiko %30,5en eta Estatuko %22,9ren oso gainetik.
Aberastasun hori sortzen eta munduan bermeekin lehiatzen jarraitzeko, ezinbestekoa da gure gaitasunak hobetzen jarraitzea. Une honetan, aurrean dugun apustu horri zenbait modutara deitzen zaio: fabrikazio aurreratua, adimenduna, digitalizatua, 4.0. Industria.
Grupo Araba 4.0. taldeak argi adierazten du zer den 4.0. industria gure Lurraldearentzat, horren adibidea da. Prestakuntza- eta ikerketa-zentroak, enpresak eta erakundeak lankidetzan eta koordinatuta ari dira lanean, gure industria- eta prestakuntza-ehuna industria-iraultza horren aitzinean kokatzeko asmoz.
Norentzat da ‘4.0. Industria’?
4.0. Industriak sekulako eragina izango du Arabako ekoizpen-ehunean, eta aukera bat da, gero eta bezero zorrotzagoen aurrean lehiakorrak izateko, gero eta erantzun pertsonalizatuagoak, azkarragoak eta merkeagoak eskatzen baitituzte.
Testuinguru berri horretan aurrera egiteko, gure buruari honako hau galdetu behar diogu: nola laguntzen dute teknologia digitalek, 4.0. Industria kontzeptuaren azpian daudenek, gure bezeroei ematen dizkiegun produktuen eta zerbitzuen balioa handitzen edo beste produktu edo zerbitzu batzuk sortzen.
4.0. Industriak eskaintzen dituen aukerei egoki heltzeko, ezinbestekoa da planteamendu sendoak izatea, ekintza zehatzak gainditzea eta pertsona prestatuak izatea. Pertsona horiek gai izan behar dute teknologia horiek erabiltzen ikasteko eta ulertzeko, bezeroentzako teknologia horien balioa nola handitzen den aztertzeko, teknologia horiei lehentasuna emateko eta gure enpresetako funtsezko prozesuetan erabiltzen hasteko.
Laburbilduz, 4.0. industria enpresen muinean sartu beharko da 4.0. Industria Plan baten bidez.
Jardunbide egokiak
Horrez gainera, enpresentzat funtsezkoa da teknologia horiek ezartzeko moduari buruzko zuzeneko informazioa edukitzea, Arabako enpresetako ezarpenen kasu praktikoen bidez, zenbat eta gertukoagoak izan orduan eta hobeto.
Horretarako, jarduketa-metodologia bat diseinatuko da, 4.0. Araba Kasuen Sarea edukitzeko. Sare horri esker, jardunbide egokiak identifikatu eta hedatuko dira, hau da, teknologia horiek oinarri dituzten irtenbide errealak.
Prestakuntza
4.0. Araba Lan Taldearen lehenengo ondorioetako bat izan zen Araban lehen mailako prestakuntza bat garatu behar zela. Prestakuntza horrek Arabako enpresek egun duten premia bati erantzun beharko lioke: ekoizpen-prozesuak digitalizatzeak dakarren erronkari eta aukerari heltzeko prestakuntza egokia duten profesionalak behar dituzte, bezeroei lehiakortasun handiagoz erantzun ahal izateko.
Prestakuntza hori Ikaslan Araba, Egibide, EHUko Ingeniaritza Eskola eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza bat garatzearen eta abian jartzearen bidez mamitu da: 330 orduko ‘4.0. Industriaren Prestakuntza Programa’. Programa horren helburua da profesionalak 4.0. Industria kontzeptuak biltzen dituen teknologietan gaitzea.
‘4.0. Industriaren Prestakuntza Programa’ industriaren edo informatikaren esparruan ingeniaritza-graduren bat edo sektore bereko goi-mailako prestakuntza-zikloren bat duten pertsonei zuzendua dago.
Industriaren edo informatikaren esparruan ingeniaritza-graduren bat edo sektore bereko goi-mailako prestakuntza-zikloren bat duten pertsonei zuzendua dago. Ikasketa horien azken ikasturtean dauden ikasleek ere parte har dezakete, bai eta lan-esperientziaren ondorioz industria-ezagutza horiek lortu dituztela ziurtatzen dutenek ere.
Edukiak honela banatuta daude: Egibidek lankidetza-robotika, automatizazio aurreratua eta ikuspuntu artifizialaren erabilera ematen ditu; Mendizabala Prestakuntza Zentro Integratuak, berriz, gehikuntza bidezko fabrikazioaren teknologia, diseinu parametrikoko tresnak eta mantentze-lan prediktiboa eta proaktiboa; eta, azkenik, Ingeniaritza Unibertsitate Eskolak, zibersegurtasuna, big data analytics, gauzen internet produkzio-prozesuen automatizazioan eta kontrol-sistemetan (MES).
Arabako Foru Aldundiak babesten du ekimen hori, eta horri esker:
- Prestakuntza-programa gara daiteke.
- Hiru erakundetako irakasleak teknologia gako horietako batean gaitu daitezke.
- Arabako prestakuntza-zentroak goi-mailako prestakuntza espezializatua garatzeko beharrezko ekipamenduz horni daitezke.
Era berean, 4.0. Industria Lan Taldeko kide batzuek zuzendutako eta Arabako Foru Aldundiak babestutako beste prestakuntza-ekimen batzuk honako hauek dira:
- Automozioko Ingeniaritza Gradua. 2017ko irailean hasi zen EHUren Ingeniaritza Unibertsitate Eskolan Arabako Campusean.
- Industria Digitaleko Gradu Duala, Deustuko Unibertsitatearen eta Egibideren arteko lankidetzaren emaitza. Gasteizen emango da 2018ko irailetik aurrera.
Bi ekimenak berritzaileak eta aitzindariak dira Estatuan. Izan ere, enpresekin lankidetzan diseinatu dira, eta, hain zuzen, enpresa horien goi-mailako prestakuntza-premiei erantzun nahi diete. Dualak dira, enpresetan ere prestakuntza egitea aintzat hartzen baitute, eta 4.0. Industriako teknologiekin estu lotutako ikuspuntutik lantzen dira.
Zibersegurtasuna
Zibersegurtasuna funtsezko eta ezinbesteko alderdi bat da, ziur aski fabrika digitala eta konektatua sortzeko bidea abiatzean lehenik eta behin ziurtatu behar den alderdia.
Azken urteetan, zenbait eragilek enpresa txikientzako tailerrak antolatu dituzte bi helbururekin: ahalik eta gehien babesteko beharraren inguruan sentsibilizatzea, eta goranzko eskaria baliatzea Araban zibersegurtasunaren esparruan enpresa berriak sortzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Basque Industry 4.0. estrategiaren baitan, Arabako Basque CyberSecurity Centre (BCSC), Teknologia Parkea sortu zuen 2017an. Parke horren helburuetako bat da Euskadi nazioartean erreferentzia izatea industrian zibersegurtasunaren teknologiak aplikatzeko garaian.
Basque CyberSecurity Centre parkeak du helburu gisa, besteak beste, lankidetza publikoko eta pribatuko ekimenen buru izatea.
Basque CyberSecurity Centre parkea FIRST foruak (Forum of Incident Response and Security Teams), gorabehera informatikoei erantzuteko ekipoen munduko forumak, munduko garrantzitsuenak, homologatutako CSIRT (Computer Security Incident Response Team) bat da, eta zera du helburu gisa, besteak beste, lankidetza publikoko eta pribatuko ekimenen buru izatea hemen, Euskadin, nahiz Nazioartean, bai eta zibersegurtasunaren eskaintzaileen eta eskatzaileen topagunetzat hartua izatea ere.
Era berean, SPRIren laguntza-programei zibersegurtasunerako berariazko bat gehitu zaie 2018an.