Berriak

Arabako 4.0 enpresak beren onena ematen ari dira COVID-19aren krisialdiari aurre egiten laguntzeko
17 apirila, 2020
Konfinamenduaren ostean telelan modalitateren bat mantentzearen alde azaldu dira enpresen % 84,4
8 maiatza, 2020

SPRIk Industria Zibersegurtasunerako 2020ko laguntza-programa aurkeztu du

2020ko azaroaren 27ra arte egongo da irekita programa, eta 18.000 eurorainoko gastuak estaliko ditu, aholkularitzan, ingeniaritzan, hardwarean eta softwarean.

SPRI Taldeak Industria Zibersegurtasunerako 2020ko laguntza-programa aurkeztu du. Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak eskaintzen ditu ekimen horren bitartez, industria-enpresen eta industriako produktu-prozesuari lotutako zerbitzuetako enpresen zibersegurtasunean hobekuntzak bultzatzeko.

Mundu osoan, enpresa, administrazio eta gizabanakoen aurkako erasoak izan dira azkenaldi honetan, eta horrek balioan jarri du zibersegurtasun-neurriak hartzearen garrantzia. SPRI Taldeak programa hau jarri du abian euskal industriaren zibersegurtasuna hobetzeko helburuarekin, eta, horrez gain, merkatu globalean haren lehiakortasuna hobetzearren.

Zertan datza Industria Zibersegurtasunerako 2020ko laguntza?

Laguntza hau jasotzeko aurkezten diren erakundeek 18.000 eurorainoko diru-laguntza jaso dezakete, aholkularitzako, ingeniaritzako, hardwareko eta softwareko gastuetan. Besteak beste, honako ekintza hauek daude diru-laguntzen jomugan:

  • IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoetatik babesteko sistemak integratzea. 
  • Plantako industria-ekipamenduetarako urruneko sarbideak ziurtatzea, mantentze- eta kontrol-lanetarako.
  • Kanpo-erasoak simulatzea, eta barne-profilak auditatzea, konpainiaren datuetarako sarbide-maila desberdinekin.
  • Produkzio-plantetako industria softwarearen segurtasuna ebaluatzea, eta software hori hobetzea.
  • Langile guztiak zibersegurtasun-alorrean prestatu eta kontzientziatzea.
  • Egungo egoeraren diagnostikoa egitea, eta Zibersegurtasuna hobetzeko ekintza-plan bat egitea.
  • Industria Zibersegurtasuneko estandar eta araudiak betetzea.

Industriako, zerbitzuetako, diseinuko eta —aurten estreinakoz— logistikako enpresek izango dute programa horretan sartzeko aukera, betiere industriako produktu/prozesuari lotuta badaude.

Zure enpresa Industria Zibersegurtasunerako 2020ko programan interesatuta badago, epea 2020ko azaroaren 27ra arte dago irekita. 902 702 142 telefonoan, info@spri.eus helbide elektronikoan edo SPRIren webgunean eska dezakezu informazio gehiago.